Zenbat zapatila,
bota, abarka eta oinetako klase! Zenbat eta zenbat! Guztiak euskararen alde,
salbuespenik gabe. Nire gerra galduetakoa da euskararen honetan ibili eta
ibili, korri eta korri, eragin eta eragin, aritzearen horrena. Hitz egiten dut,
entzun, irakurri, idatzi, erakutsi, ezkutatu, agertu, estali. Ez dut uste askok
eta askok euskaraldeko jendetzat naukatenik hala ere, eta ez dakit besterik behar
denik ere. Hor dabil korrika, gero eta alaiago, gero eta osasuntsuago, gero eta
onartuago eta ahobatekoago, aspaldian galdu nuen gerra hori. Arrazoia inoizkoan
etxeratuko zaigun esperantzan hilko naiz, ez dut sekula galduko jendearenganako
fedea. Hala ere aitortu behar dut guzti-guztien adostasuna susmagarria dela,
isiltasun koldarren bat, edo gehiago, ezkutatzen ote dituen. Ezberdin, edo
kontra, pentsatzen duen jendeak egon behar du baina ez gara ageri.
Ageri dena da,
Europako kultur hiriburutza dela eta, patronoen artean darabilten auzia.
Hizkuntza txiki edo minorizatuen kongresu bat antolatzeko, geure gobernua ala erakunde
herritar bat, zein den egokiena erabaki ezinik ibiltzetik haratago doan auzia
iruditzen zait. Pultsu zaharra da hori, euskara bezain zaharra ia. Harrigarri
egiten da zein jende gutxi dabilen horren kezka publikoan, babesgabe nola uzten
dugun Jaurlaritzaren zilegitasuna, zenbat garrantzia gehiago duen etiketa
politikoak argudioak baino, zein gogo falta, zein beldur klase, zein libertate
falta dagoen debatean, denok, ahobatez, zapatilaka, zapataka… ihesi bezala,
aurrera goazen bitartean, ezer garrantzizkorik gertatuko ez balitz bezala,
itsu-itsu, gorri-gorri, gorrika.