Euskaraldi
bete betean gaude, omen gaude. Bi aukera dauzkat parte hartu nahi
izatekotan: belarriprest, bai hitz itsusia, ala ahobizi izan. Aukera
gehiago izan nitzakeen, kontuari, bi jarrera horiei idatziarekin eta
irakurriarekin lotutako zerbait erantsi izan baliote, adibidez
lumaoro, lumatar, lumalari eta begiprest, barkatu ironia, edo
begialai, begihandi, begilari... Baina dagoena dago, eta ez dakit
besterik nahi den. Nire modukoei badirudi, aho eta belarri sasoi
honetan, ahobizi izatea legokigukeela. Alegia edonon, edonoiz eta
ulertzen duen edonorekin, erre ke erre, euskaraz jardungo duena,
ezagutzen
ez ditudanekin lehen hitza euskaraz egingo dudana, eta ulertzen
baldin badute, hortik aurrerakoak ere.
Baina
neuri belarriprest direnena gehiago gustatu eta egokitzen zait.
Alegia, euskaraz ongi egiten duena, ustez, baina erdaraz hitz egiten
duen zenbaitekin (nahiz eta ulertu) hamaika egunez euskaraz soilik
hitz egiteko ariketa egin nahi ez duenarena; edo, adibidez, orain
arte erdaraz izan ditudan harremanak euskaraz izateko pausoaren
derrigorrak urduri jartzen nauenarena.
Kanpainen
balioekiko etsiak aspaldi harrapatu ninduen, inolako ebaluazio
egiazkorik ezaz konbentzitua nago; eta zientifikoa hitzaren muturra
azaldu orduko Rey Juan Carlos eta beste unibertsitate batzuetako tesi
eta masterrak etortzen zaizkit burura.
Goizeko
nire lehen kafe lagunekin euskara/erdara saltoka arituko gara eta
badakit hauek euskara nik beste baloratzen dutela. Bien bitartean
espero dut hizkuntzaren nazionalistak
beraien idatzi eta jardunekin “la
nueva encrucijada del euskera, que aumenta hablantes pero no su uso;
una peligrosa tendencia que hay que corregir”
koherenteago arituko direla aurrerantzean.