Telefono zenbakiari
tankera hartu zion, irrati edo telebistakoa izan zitekeela, ez behintzat
jasotzen zituen ohikoetakoa. Telebistakoa zen, egiten zuen lanean ilusioa zuela
zirudien emakume baten ahotsa entzun zuen. Beragan pentsatu zutela programa
batean parte hartzeko eta horren nongoak eta zergatiak argitu zizkion, ezetz
esaten ikasia zegoen baina, oraingoan, proposamena bukatu artean behintzat ez
zitzaion halakorik ateratzen. Programa jakin batean kantuan egitea proposatu
zioten. Segundo erdi batean sentzazio zahar asko irudikatu eta gogoratu zituen:
nola orain hogei bat urte, herritarrak pantailara kantuan egitera eramaten hasi
zirenean, ezetz esan zuen, ez daki garbi zer arrazoigatik baina, bere mundu txikiarekin
haserre harrapatu zutelako izango zen agian; ez zioten esplikaziorik eskatu.
Burura etorri zitzaion gustu tonto horrek nola harrapatzen duen eta nola
pantaila aurrean, errepika errepikaren ondorena inporta gabe, lerdoa bezala
aritzen den kantari etxeko kantu jira zigortzaile horretan; nola bilobarekin
eta sutsuago aritzen den horretan, zalantza izateraino kulturarekiko beratasuna
transmititu ordez bertso doinuak sartu ote dizkion odolean.
Euskal Herrian Euskaraz kanta
kantatuko zukeela esan zioten. Berak ez zuela inoiz, kanta horretako hitza,
‘bota dezagun demokrazia zerri askara’ kantatuko, gaizki iruditzen zitzaiola
komunikabide publikoak proposamen hori egitea, eta berari egitea oraindik eta
gaizkiago esan zion. Eskertzen ziotela hain garbi hitz egitea, oso sintzeroa
izan zela erantzun zioten. Sintzeroa! Izorra hadi! Putakume edo lapurra min
gutxiagorekin entzungo zituen. Ulertzen? Ez? Hortxe dago, bada, gure koska.
Hortxe!
No hay comentarios:
Publicar un comentario