Der Fall Collini
izeneko Von Schirachen nobelan, (gazteleraz El Caso Collini) epaileak salatuari
esaten dio fiskalak eskatzen duen behin behineko kartzelaratzea agindu beharko
diola agian. Salatua, hiltzailea, ia berrogei urtez Sttugarteko fabrika batean
lana egin duen italiar jubilatu bat da. Köhler epaileak galdera hau egiten dio:
alemana ondo ulertzen al duzu?
Alto
egin dut irakurketan. Horrelakoetan ohi dudan legez pasartea kolore horiz
azpimarratuz nabarmendu dut. Ez dakit zertarako, zeinentzako, baina harrigarri
egiten zaizkit, liluragarri, hizkuntza aukerak eguraldiaren gorabehera bat
legez, edo ardo txuria eta beltzaren arteko berezko aukeraketa bat balitz
bezala, idatzita dauzkaten kontakizunak. Ezin ditut kitzikarik gabe irakurri,
eta badakit munduko jenderik gehienek hala irakurriko dituztela, ezer berezirik
ez balira bezala.
Zutabean
horretaz aritzea erabaki nuen. Gazteleraz duela hamabost egun egin nuen,
euskaraz gaur ari naiz. Gauza berdin berdina kontatu eta, hala ere, ondorio
guztiz ezberdinak dituela idazki bakoitzak ziur nago. Ulermen ezberdineko
irakurleen aurrean ikusten dut neure burua. Batera kontatu nahi nieke eta
kitzika berdinak eragin biei. Ez dakit zergatik den ezinezko. Pozik
alderatuko nituzke irakurle multzo batenak eta bestearenak, inor gutxik egiten
duen ariketa dela uste dudalako. Zazpi aldeak baino gutxiagorekin konformatuko nintzateke,
Agian alde bakarra, edo bi, ulertzeak aseko ninduke, euskarazko irakurlea eta
gaztelerazkoa zerk itsutzen dituen aztarna txikienak jakiten hastearekin,
elkarren berri izatearekin.