Pertsona baten
zintzotasunaz hitz egiterakoan lehenbizikoetakoa izaten da, herriaren alde,
ikastolaren alde edo euskararen alde asko egin duela esatea. Horren ondoren,
tatxarik gabeko pertsona irudikatu behar dugu aipatua, bestela malo, malo gu,
alegia. Herriaren, ikastolaren edo euskararen alde zer konkretu egin duen
galdetzea ebidentziaz zalantza izatea da, galdetu behar ez dena. Eta gauza
horien alde egitea, ez hain alde eginak estaltzeko bada, zer? Ez da inoiz
horrela izaten? Gaur, goraipuak egiterakoan inor euskaltzalea denik esan
beharrik ez dago inor hori zintzotasun parametrotan, abertzaletasunarenetan
edo, okerrenean, kristautasunarenetan kabitzen bada. Hala dela uste izan behar
da. Horietatik kanpo gaudenok demostratu behar izaten dugu, gau eta egun, a!
zer nekea, euskaltzaleak garela, eta zintzotasun eza legitimitate apur batez hornitzen
dugu horrela.
Gure
amets eta penetako Realari ere zintzotasun parametroak bete egiten dituela
irizten diogu eta ez dio inork ezer galdetzen. Euskararen izenean, denonetik
jaso eta neurri gehiegirik hartu gabeko dirurik izan du. Eta hala ere, urtero
jokatzen du Kilometroaken aldeko partidua. Agian badaki irakaskuntza eredu
jakin baten aldeko ekintza dela nagusiki euskararen aldeko omen den ekimen
hori. Libre da. Agian badaki krisi garai honetan diru publikoak gutxitzen ari
zaizkigula bizitzako alor guztietan. Agian badaki irakaskuntza sistema publikoa
dela ume gehien euskalduntzen duena. Agian ez zaio axola. Agian uste du sistema
publikoa euskararen kontrakoa dela. Beste partida bat jokatzea… ondo?