viernes, 17 de febrero de 2017

ALDAKETA

EL DIARIO VASCO 17-2-2016



Euskararen politikak nola asentatu eta txertatu diren gure artean ikustea aski da diktadura eta demokraziaren arteko diferentziak nabarmentzeko. Baina esan beharko dut euskaltzale asko eta asko petral eta zakur portatu dela gai honetan gure instituzionalizatze prozesuko urte guztietan zehar. Eskerrak jende asko erradikala izan den, demokratiko erradikala. Eskerrak bi hizkuntzen, edo hiruren, aitorpen eta bizikidetzan oinarritutako mezua sendotzen ahalegindu diren.
Urte guzti horietan ezin uka zalantza, balantza eta estropezu ideologiko ugariren artean bizi izan garela gaurdainoxe, aginterik gabeko herri bat bagina bezala, lidergo politiko zirriborrotsupean galduak. Zenbait unetan bazirudien, eta badirudi, euskarari mesede baino kalte gehiago egiten dion euskaltzaletasun populista erradikal horrek lausotzen dituela beharreko genituzkeen erreferente zibiko eta herritarrak.
Erreferente horietako bat izan da, nabarmena eta sendoa, azken hilabeteotan Hizkuntza Politikako Sailburuordetza utzi duen Patxi Baztarrika, gehienetan, adiskidea. Euskal gizarte demokratikoak bazuen nor bat erakunde politikoetan eta bazekien euskara kontutan erakundeak hor zeudela desarrazoiaren aurrean makurtu gabe aritzeko. Betiko, hitzaren zentzu zuzenean, eta berezko euskararen sailburuordea zirudien. Gobernu berrian aldatu egin dute.

Ez dago aldaketak esplikatzeko derrigorrik, aski da arduradun nagusiaren konfiantza argudioa. Baina Kultura Sailburuak arrazoi bat eman du. Oraindaino beti gipuzkoarrek izan dugula ardura hori, ataundarrek esatea falta zitzaion, eta bizkaitar bat jarri duela. Aski nuke ondo egin duela esateko egun hedatzen ari zaigun bizkaitarkeriarekiko jarrera kritiko eta akademikoago bat indartzeko balitz. Ikuskizun.

No hay comentarios:

Publicar un comentario