sábado, 6 de mayo de 2017

ETA HIL

EL DIARIO VASCO 5-5-2017

         Dena kolorina, ikurrina, lauburua eta abar ziren garaietan zuri beltzeko pegatina bat egin zigun. Kosta zitzaigun konbentzitzea baina konbentzitu egin genituen geure buruak eta inprimatu eta martxan jarri genuen. Orla zuridun borobil beltz haren barrenean, eraikin sorta txiki bat eta kanpandorre bat ageri ziren. Azpian Urrestilla herri da irakur zitekeen. Sasoi hartako afitxe, pegata, kartel, banderatxo, zintzilikario, panfleto eta paper anabasan Juanbak egin ziguna ikusiko ez zuen begirik ez zen. Noiznahi nonahitik ikusten zen. Hura paparrean genuela azaltzen ginen edozein lekutara eta beti, baina beti, galdetzen ziguten zer esan nahi zuen hark? Eduardo Chillida bera ere eske zuzendu zitzaigun. Oraindik bizi da, oraindik erabiltzen dugu, nahiz eta ez dugun beti behar bezala tratatu.
Trastekeria guztietan sozio izaten genuen. Oh euzkadi! aldizkariaren aurrekarietan autonomiaurreko jaurlaritza osatu zen, Eusko Kontseilu Nagusia. Kultur sailburuari elkarrizketa zela egokia esan zuen gure arteko zaharrenak eta zuhurrenak. Josetxo Lizartza, onarenak eginaz, eta neu, nola ez, gaiztoarenak, joan ginen koadrilako bat argazkilari hartuta. Sailburuak agurtu, piska bat itxoiteko erregutu eta bulegotik beste norabait irten zuen. Argazkilariak oraindik ere inoiz nahastu ez zaion ilea orraztera atera zela hura, erabaki zigun. Esperoan kaxoi eta armairu barru, mahai, apala, paper, gauza guztien argazkiak atera genizkion. Bai eta mahai gainean zapata eta guzti zutik jarri ere. Ez zegoen eta ez genuen erretratatu balioko ezer, geure transgresio borondatea besterik.

Argazkilari hura Juanba Berasategi zen. Bizi osoa halaxe bizitu ondoren hil egin zaigu. Transgresioa, bizipoza, ezadostasunetan ere. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario