viernes, 11 de mayo de 2018

SINESGARRITASUNAK

EL DIARIO VASCO 11-5-2018


  
Aprovechategui hitzak, euskal munduak ohiz eragin ohi duenaren aldean, nazioarteko oihartzun handia izan duela diote. Kezkatu egin behar genuke munduan edozein pertsonaia publikoren sasieuskarak gure hizkuntza lanik garrantzitsu eta entzutetsuenek baino arreta handiagoa sortzen duen susmo hutsarekin. Baina, ji eta ja, arlaburlaz jarraitu nahiago dugula uste dut. Alegia, geure burua barregarri sentitu baino aprobetxategi esan duenaren bizkar umore lerdean jarraitu, lerdotasuna adieraziz adimena baino gehiago. Pena. 

Bistan da gero eta errazagoak zaizkigula, guztion zorionerako, euskaratik erderetarako eta erderetatik, gazteleratik nagusiki, euskararako bide bihurriak. Dena daukagu gero eta eskurago, nahiz eta uste dudan gauzak errazte horrekin ez dugula beharko genukeen guztia hobetu. Hedatu egin da errazkeria, batzuek hori lanbide bilakatzeraino. 

Ez du izan aipatu oihartzunik, baina bide piska bat egin du, etxean geneukan erakunde armatuak despedida, edo oinordekotza, legez utzi digun elkarrizketak. Gazteleraz argitaratu da. Gazteleraz baina euskaraz egina eta euskaraz emango omen argitara datozen hilabeteetan. Jainkoa lekuko balu bezala profesional batek baino gehiagok ziurtatu dit, ezer zalantzan jarri gabe eta nondik dakien argitu gabe, baietz, euskaraz egina dela elkarrizketa. 

Zergatik ez dut bada sinistuko? Hala izango da. Baina, pentsatzen hasita, uste dut beste inork froga ugariak erakutsi beharko lituzketela gauza hala izan dela lehenbiziko hitzean sinesteko. Errelatoaren kontuak izango dira edo, gutxienez, sinesgarritasuna nori ematen zaionaren araberakoak. Euskara eta bere munduen bueltak. Oinordekotza. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario