sábado, 24 de marzo de 2012

TAKAR


Izaten da bada, bultzada txiki bat, eupaka koxkor bat, animoa bezalako bat, arnasa. Ez dira horiek ahazten, batik bat estutasun aldian jasotzen direnean. Bizitzan ahazten ez dena izaten da, esker onekoa, ez baikara inor uste dugun bezain gaizto. Baina keba! Ez eta hurrik eman ere. Badirudi nahiago izaten dugula takar, zakar, betilun agertu, zenbait eginkizunetarako bihozgabe izan behar bagenu bezala edo hala izatera derrigortuak bageunde bezala. Urteak dira jarrera hori ulertezina egiten zaidala, ezin dudala ulertu eta ez dudala ulertu nahi. Ahaleginak egin beharko genituzke irribarretsu izaten saiatzeko, nahi eta ez atsegin izateko, baina, keba, eginkizun eta kontu serioak bekozkoa behar dute derrigor, irribarrerik ez, ez dezatela pentsa txolinkeriatan gabiltzanik. Gaizki pentsatzeari eman behar badiote pentsa dezatela egoskor puska ederrak garela, burugogorrak garela, hori dela gure bertute nazionala.
         Halako oihartzuna izan du Madriden Etxepare Institutuak, Euskaltzaindia eta Euskal Herriko Adiskideen Elkartearekin, euskarari egindako omenaldiak. Espainiako Akademiaren historian lehen aldia zen horrelako ekitaldian gaztelera ez zen hizkuntza bat erabiltzen zela. Duena baino balio gehiago eman nahi gabe, niri ondo iruditzen zait. Baina, esan daiteke, euskararen munduetan, oro har, iritzia publiko egin dutenetan behintzat, ez dela izan oso ondo hartua. Eta ez dakit zergatik, omenaldia zelako? Madriden zelako? Gazteleraren eremuan zelako? Gobernu usaina zuelako? Edo ustez euskararen kontra azaltzeko obligazioa duen jendea kontra agertu ez zelako? Edozein kasutan takar, zakar…

No hay comentarios:

Publicar un comentario