domingo, 8 de julio de 2012

MILA ORDAINTZE


EL DIARIO VASCO - 6-7-2012 
           Copago hitz berria omen da gazteleran, eta ondo osatua denez zuzena omen da bere erabilera. Lasaitzen gaitu. Baina zer esan nahi du? Abiarazi duenak zer esan nahi digun badakigu,  oraindainokoan espresuki ordaintzen ez genuen zerbait zati batean bederen ordaintzen hasi beharko dugula. Gainerako guztia eztabaidagai da. Nahiko dirurik ote dagoen ala ez, lehenaz gain behar genuena, eskuinak, ezkerrak eta abar.
         Eztabaida euskarara ekarri dugu, nola esan? Ordainketa partekatua ala berrordaintzea daude erabilitakoen artean aukeran. Bakoitza nahi duen eran esateko libre da, ulertua izateko kondizioan, baina harrigarriak dira “dakitenek”, itzultzaileek, erredaktoreek, zenbait prentsak, ageri agerian izan dituzten zalantzak. Konklusioa da inor ez gaudela maliziatik libre.
         Esango nuke ofizioa norberea eta hizkuntza guztiona dela pentsatzen dutenek ordainketa partekatua edo kopagoa bera aukeratu dituztela eta gainerakoek, hizkuntza berea eta ofizioa guztiona dutela uste dutenek, berrordaintzea esatea erabaki dutela.
         Berrordaintzea esateko arrazoiak ez dira falta, zeren osorik ez bada ere berriro ordaintzen baitugu sistema horrekin. Kiroldegiak, garraioak, antzokiak, kultur ospakizunak, horiek ere berriro ordaintzen ditugu inork berrordaintzea deitu gabe. Zilegi bekit, beraz, itxura guztien kontra, berrordaintze hitzaren aldekoek kobratzailea dutela buruan pentsatzea, eta hau beren gogoan edo sokan biltzen  dena bada inoiz ez dutela berrordaintze usterik izaten edo izango milaka aldiz pagatuta ere bidesaria, peajea edo dena delakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario