viernes, 8 de febrero de 2013

IZAN ALA NAHI

EL DIARIO VASCO 8.2.2013

         Erabaki egokia hartzea baino  kritikatzea askoz ere errazagoa da, zuzen kritikatzea hain erraza ez bada ere. Asmo gaiztoz hartutako erabaki txarrak, ez du izaten bueltarik, erremediorik. Asmo zuzenez hartutako erabaki txarrek -esan ohi denaren kontra, erabaki txar asko ez dira asmo gaiztoz hartuak izaten-, izaten dute erremedioa eta konponbidea baldin eta erabakitzailea egoskorkeriatan hasten ez bada eta hitz egin beharreko guztiekin tentuz hitz egin eta entzuten badu.

         Nire jaioterriko eta bailarako lur santu haietan, asmo onez izango al da gaiztoz baino, badaude, oker ala zuzen, hartutako erabakiak. Mesederako ala kalterako izan diren kontuan hartu gabe hor jarraitzen dute. Udalaren gogamenak, idatziak bezala praktikatuak, eremu elebakarreko biztanletzat agertzen gaitu beste erakundeen aurrean. Ondorioz guztiok euskaraz bakarrik irakurri eta idatzi beharko bagenu bezala zuzentzen zaizkigu zenbait erakunde. Inoiz esan izan dut, ez inoren haserrerik gabe, nola sekula irakurtzeko, eta gutxiago idazteko, ohiturarik izan ez duten jendeekin gupida gabe praktikatzen dugun euskara idatzia, izan hauek itsu, gor, zahar, pobre edo alfabetatugabe.

         Ofizialitatearen diskurtsoa guztiek barneratuta zeukatelakoan euskarazko libururen baten antojua asetzera jo nuen euskara ez dakien kobratzaile bat bera ere ez duen maxisaltoki oroeuskaldunera. 950 liburu zeuden saltzen eta ez ziren, hiztegiak barne, hogeira iristen han zeuden euskarazko tituluak. Aho bete hortz gelditu nintzen, zein okerrago dabilen edo zeinen tentelak izaten diren gure usteak hausnartzen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario