viernes, 5 de julio de 2013

ILARRA ALEKA

EL DIARIO VASCO 5/7/2013
         Bere kamisetan Illarramendi jarri ordez Illarra jartzen zuelako mutilaren juzgu txarra egina nengoen. Hutsalkeria neritzon. Ezjakinok hori daukagu txarra, ez asmatzeagatik ez dugula asmatzen kulpa nori bota ere. Abizen osoa kamisetan kabitzen ez zelako omen zen, ameto bada.

         Ari zaizkio Llorente izeneko bati juzgu okerragoak egiten! Sare sozialetan zioen Gipuzkoak Madriden duen ordezkari politiko abertzale batek Bilbon ez ziola egunon bat bera ere entzun eta Torinora iritsi orduko hasi zela italieraz. Kateak jarraitu zion, gazteleraz ia dena, bada ez bada ere espainolazo ez deitzea hobe, Athleticen ereserkia ez zekiela, euskararekiko errespetu falta, Euskadirekin ez baina Espainiarekin jokatuko zukeela, ez ahazteko errioxarra, espainiarra alegia, zela eta antzeko astaloreak. Bat nator hitz hauek gehienak lotsagarri eta zekenak iruditzen zaizkienekin.

         Garaiz gaude, Gipuzkoarago joaz, horrelako jardun tristerik gabe moldatu behar dela uste dugunok. Badirudi Illarramendiri futbol enpresaz irabazi handiz aldatzeko aukera etorri zaiola. Mutila etxean eta etxeko nahi dugun bezalaxe, denok opa behar genioke mutilari merezi duen onena bere bizimoduan, suertea bere aukeran, edozein dela ere hau. Baina aleak ikusteko eta entzuteko gaudela esango nuke.

         Aurrera Illarra! Hala bada, penatxo!, baina izan suertea!  Badu bere alde ona Real Madridek euskararen ezagutza, eta erabilera, ligako altuenetakoa izateak ere. Irriño bati ezin diot eutsi. Eta beste kontu bat, ea Gipuzkoako Ogasunekoek zer aurpegiera eta gogo zintzorekin heltzen dioten lanari.


No hay comentarios:

Publicar un comentario