viernes, 15 de noviembre de 2013

BERTAKOA

EL DIARIO VASCO 15-11-2013

         Hil zen, hil zitzaion, gurpildun gurditxoan bultzaka eramaten zuen agurea. Inora gabe, bertan gelditu zen, bertako, bertakoen artean. Nora ez daukaten guztiak izaten dira bertako, zer erremedio! Beste ogibide bat, edo, besterik ezean, beste agure bat behar zuen otorduak eta ohea, zer gutxiago, bere poltsikotik ordaindu ahal izateko. Hotz ala bero, busti ala lehor, kalera atera zen lotsa pixka bat eta baliabide gutxirekin. Ibili beste erremediorik ez daukatelako, ibili egiten direlako, ez du esan nahi ibiltzearen lotsarik ez dutenik, baina lotsaz hil ala gosez bizitzeko aukerara derrigortuz gero guztiok egingo genituzke gauza antzekoak. Poltsatxotik paperak atera eta zutabe, farola, pareta, etxe sarrera eta euskarri klase guztietan itsatsi zuen bere iragarkia. Guraizez ebakitako paper zuriak zirtzilak zintzilik zituen telefono zenbakiarekin. Se ofrece chica seria responsable, trabajadora. Para trabajar como externa cuidando niños labores domesticas, Cuidado ancianos, Limpieza de portales, con muy buenas referencias llamar.

         Berehala azaldu dira herritarren ohitura on eta zintzoen zelatariak, edo edozeini buruzko juzkuak aireratzeko lotsarik ez duten herritar ereduzkoak. Herri aldizkariko hizkuntza eskubideak atalean salatu dute, eta ez lehenengo aldiz. Nahi nuke bizi hiztunen eskubideei hizkuntzenei baino kasu gehiago egiten dion jendearen artean, nahi nuke euskaraz ere errukia edo elkartasuna, edo antzeko zerbait, posible izatea. Pobrezia guztiontzat da deseroso baina pobreak jendea dira, bertakoak alegia, eta edozein izan gintezke pobre… euskaraz ere



No hay comentarios:

Publicar un comentario