viernes, 5 de septiembre de 2014

ETA JAI ETA

EL DIARIO VASCO 5-9-2014

            Egun ederrak izan dituzte benetan. Eguraldia denik ere ez dira konturatu. Egin du bada, txar demonioa, konturatzeko modukoa, baina ez eta horrela ere, hain ekitaldietara emanak! Inguru beti-jai horietako bat ote zen ere pentsatu zuten zenbait unetan. Hasierakoa ohi dugun bezalakoa izan zen jan, edan, neurri onean, eta kantatu, abestu, horrelakoetan esaten dugun bezala. Dena gure kulturakoa, soinujolea eta guzti, txistujole zelebre samarren bat ere bai, gure kantak abestu zituzten gaua berandutu arte, euskarazkoak eta rantxerak.

         Elizkizunak ere jasoak izan dituzte, musika, prozesio eta guzti. Apaizak denak bedeinkatu zituen joan zirenak eta besteak. Joko eta jolas ugari izan zituzten, bozgorailuetatik musika eta hitzak entzuten ziren, ederki hitz egindako hitzak, euskara teknikariak esanak, oso ondo hitz egiten baitu, leuna du mingaina eta dotorea jarduna. Toka, bolak, txingak, artalokotxak, denetarik guztion gozagarri. Bertsolariak mezetan kantatu zuen, gazteek nahiago baitute txapelketa plaza eguzkitsua baino.


         Arratsaldekoetan ere izan zen gauza ederrik, asto karrera ahaztu ezin bat, erromeria, dantza lotu batzuek eta guzti; tortila lehiaketarekin meriendatu zuten bertako barazkien azoka itxi aurretik. Parranda eta festa gehiago kalterako izango zen ustean ilun abarrarekin etxeratu ziren. Denak bat etorri ziren euskara teknikaria balio handiko pertsona zela, dinamizatzaile aparta. Zoriondu eta biharamun goiza jai hartzea agindu ondoren, hurrengo urterako dirulaguntzen eskaria Aldundian eta Jaurlaritzan aurkezteko prestatzen hastea agindu zion euskara teknikariari alkateak. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario