Atzera egin ote duen, atzera
egin duela, euskarak lehen oso euskaldunak ziren herrietan. Horixe da zenbait
girotan gero eta sarriago arnastu daitekeen aire eta mezua. Gure arteko askok
bere jarrera justifikatzeko erabiltzen duen biktimismoari botatzen diot nik
ardura. Izan ere zenbaitentzat minduta, triste eta betilun ez bagaude, ez gaude
eta ez gara. Estatistikak bere horretan irakurtzeak ere, inolako interpretazio
lagungarririk gabe, iluntzen du giroa. Aldiz, autonomiaz geroztik, euskara
dakitenen kopurua bikoitzetik gorago joan da. Irakurle inozo batek, datuak
horrela aurkezten bazaizkio, agudo esan lezake hobe dela, beraz, euskararen
normalizaziorako hiri giroa. Horrela esanda herri euskaldunetan atzera egin
duela esatea bezain egia da, eta errealitatean egiago.
Baina niri egia bezalako
guztiak ez zaizkit nire baitan kabitzen. Litekeena da oso, nik ezagutzen dudan
herri oso euskaldun horretan euskara dakiten biztanleen kopuruak behera egina
izatea, baina ziur nago inoiz baino gehiago, egokiago, funtzio gehiagotarako
eta eginkizun jasoagoetarako erabiltzen dela, baita inoiz erabili zezaketela
pentsatzen ez zuten haiek ere. Hori aurrera egitea da, ez atzera. Eta ezin dut
onartu beste hizkuntza bateko bikotea duen jendeak, hizkuntza batean baino
gehiagotan familia ugaritzen dutenak eta abarrak, euskarari egindako eraso,
bederen estatistikoa, izan daitezkeenik, guk zaindu ezin dugun aiton amona
puzkarti pixontzia zaintzera etorri den nikaraguarrak euskara arriskurik
txikienean jartzen duenik, berarekin, errespetuz, erdararik landuenean jardun
behar baldin badugu ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario