sábado, 13 de junio de 2015

HURA LOTSA

EL DIARIO VASCO 12-6-2015

         Erraz egiten dut lo, errazegi parearen esanera. Gutxitan izaten naiz ezinean, baina hala gertatzen naizenetan martingala bat erabiltzen dut. Ustekabean ikaragarri aberastu naizela pentsatu, loteria sari handi horietako bat tokatu zaidala. Horiek lanak hartzen ditudana. Banatzen hasten naiz, tentuz, hari, honi, halakoei, honetan, hartan, hura erosi, beste hura ere bai, bestea alokatu, asmo berriak pentsatu… Bueno, ehuneko hamarra gastatzera iristerako lo egoten naiz, pentsa nolakoa behar duen izan aberatsen asperdurak.
         Ideien artean orain kontatuko ez dizkizuedan, kopia ez diezazkidazuen, proiektuak pentsatzen ditut. Pentsatzen dut, bai eta ere, arte bilduma bat osatzea bertako artista gazteen piezak bilduz, baina berehala konplikatzen da kontua non, nola eta norekin gorde pentsatzen hasitakoan. Eskultura publikoetan pentsatzen jarrita ere leku eder gutxi dauzkat eskultura batekin edertzeko modukoak eta oso gutxi piezaren ederra ederragotzen lagunduko luketenak edo honi duintasuna mermatuko ez lioketenak.

         Badaukat leku bat arranpa baten alboari dozena erdi bat eskailera maila itsasten zaizkiona, maite dut. Osatzen duten zokotik irtenxeago iturri bat dago eta zokoa zipriztinez bustitzen dute jolaseko umeek. Giza irudi bat eseriko nuke mailetako batean, ukalondoa belaunburuan, esku zabala kokots masailei eusten, beste besoa erori antza, hanka bat bestea baino maila beheragokoan, burua makur antza eta begirada lurrerako nora ezean. Ez luke maila jasoko arte kontsideraziorik izango. Hantxe ikusi eta begiratuko nioke pozik nola umeen zipriztinek umiliatzen duten “lotsa hura” titulua izango lukeena. Lotsa hura, kalean.        

No hay comentarios:

Publicar un comentario