viernes, 2 de octubre de 2015

BATASUNA!

EL DIARIO VASCO 2-10-2015


                Edadeagatik edo, gero eta hileta elizkizun gehiagotan gertatzen ari naiz. Eta beti-beti harritzen nau elizak, ez dakit mesederako ala kalterako baina, gure historian zehar euskararen euskarri nagusiena izan dela dioten horrek,  zeinen gaizki tratatzen dituen euskararen arauak. Gezurra dirudi. Hogeita hamar urte paseak izango dira Biblia osoa euskara batu ederrean jarria zutela. Jakinean gaude Bibliaren itzulpenak hizkuntzen biziraupenetan izan duen garrantziaz, Koranak arabieraren batasunean bezala. Baina honetan ere gu, suerte txarrekoak, ez gaitu historiak ondo hartu. Bibliari garrantzirik gutxien ematen dion kristauen artekoak, eremu katolikokoak, izatea tokatu zaigu. Alperrik dugula dirudi Biblia euskara batuan.

         Katolikoak Bibliatik bezala ikusten dut euskarazko kulturako zenbait disziplina euskara batuaren erabileratik ihesi, eta batasuna egin zenean kultura zenik helburu nagusi! Ez dut ulertzen. Ez dut ulertzen hainbeste batasun, hainbeste naziotasun eta hainbeste elkartasun aldarrikapenen artean nola geroz eta urrutiago agertzen zaizkigun gure hizkuntzaren batasunetik. Esaten dudanaren adibide izatea beste asmorik gabe, gure azken bi pelikula sonatuenetan pentsatzen dut, Loreak eta Amama. Horiek dituzten gidoietan, ez dakit zein komunikagarritasun behar arraiok eraginda, egiten duten hizkuntza hautua, zer kalte egingo lieken euskara estuki akademikoa erabiltzeak. Gidoi horietarako balio ez badigu batuak, literaturarako bestetarako balio ez badigu, gaizki eginetan, oso gaizki eginetan, jarri beharko dugu burua, aurrez, batuak bezalaxe literaturak ere ez digula ezertarako balio aitortuz. Zer pena!

No hay comentarios:

Publicar un comentario