viernes, 4 de diciembre de 2015

ETA MAITE

EL DIARIO VASCO 4-12-2015

            Literatura den orok gerra eta maitasuna izaten omen ditu gai, hori ez dena ez omen da literatura. Eta literaturak, maitasunak eta gerrateek bezalaxe, jarraitu egiten du. Ez dakit nik noiz lotu nintzen literaturarekin baina ziur nago lotura horretan euskarak pisu erabakigarria izan zuela, eskerrak horri. Geroztik bizi izan dut hainbeste gerrate eta hainbeste maitasun, historia etengabea da, historia luze guztiak bezala, nekea, astuna, ederra, mingarria. Euskararen egunean ateratzen zaidan burutazio bat da hau, zehazteko nagiz esaten dudana. Desafektuen, desatxikimenduen, kariño faltaren eta sentiberatasun gabezia basatiaren giroak ia osorik laprastu eta itotzen nauenetan ere, beti dago literatura, beti dago jakin mina, bizi poza, hitzen ederra, jendeen zintzoa berpizten didan zer hori; eta euskarari, nahiz eta sobrante, ez eta gutxiagorik, ez dabilen, ez zaio horrelakorik falta.
            Saizarbitoriak eman dio, berriro, bere lan berria, Lili eta biok, euskarari eta adiskidetu nau beste puska baterako euskararekin, aski motibo nazioarteko eguna ospatzeko. Izan ere, egon, bai baitaude kontatzeko moduak, non maitasunak korritzen duen gerra artean, non gerrateekiko begirada gizakoia posible egiten den, non memoria estatistika soil edo espediente hutsa ez beste zerbait den, non iragana ere aukera bat den, eta maitasuna lege.

Ez dakit gazteen lagungarri gertatuko den, hala behar duenik ere, ez eta gustagarri izatea lortuko duen, baina belaunaldi galduko jende askok eragin duen kalte konpondu gaitz horri ekin eta aurre egiteko hazi garbia jarri du, zilegitasuna berreskuratzeko maitasunezko saio bat da, belaunaldi guztiz gezurtia ez ginela esateko. argudio bat.

No hay comentarios:

Publicar un comentario