viernes, 21 de octubre de 2016

PLANETA ETA BIOK

EL DIARIO VASCO 21-10-2016


        Egun horretan euskarazko irrati publikoarekin gosaldu nuen. Euskadi literatura sariak izendatzen hasitako astea zen edo, jende gaiztoaren esanera kimikako saridun kalimotxoa asmatu zuena izenda zezaketen bezala, Bob Dylan literaturako Nobel saridun izendatu zuten astea. Bezperako gauean Dolores Redondo aldarrikatu zuten nobelako Planeta sariaren irabazle. Arduraz prestatutako programa izan zen, ahots eta esan txukun eta jatorrekin. Adi jardun nuen entzuten. Euskararen munduak beste askotan bezala sakoneko tristuraz utzi ninduen. Zeren eta erdal munduez harrokeriaz eta desafektu jasangaitzarekin aritzea ala irizpiderik gabeko morrontzan aritzea ezin ditugu berezi. Eta bien tartean aritzeko mila bide, mila modu, askoz ere egokiagoak daudenik ezin dugu aitortu.
        Nekez irabazten du Planetaren oihartzuna bezalakoa duen saririk etxeko idazle batek, baina zail egiten zaigu etxekotasuna aitortzea inolako oharrik gabe, eta etxekoa da. Idazle honen ia produkzio osoa, euskaraz argitaratua egonik ere, hogeita hamar hizkuntzetara itzulia zegoela esatea izan zen hurbileneko baieztapena. Eta Baztan bailaraz aritu ziren, damu bezala, lotsaz bezala, han txantxigorriaren sektorea berriro jaio edo piztu ez balitz bezala, udaberrian datorren pelikula borondatez kanpokoa izango balitz bezala. Beti geratuko zaizkigula trilogiak ezkutatzen dituen parajeak esanaz eman zuten errematea.
       Planeta saria irabazi duen donostiar nafar idazlearen trilogia osoa euskaraz argitaratua dago. Lehen nobelak ia bost mila ale saldu ditu. Ez dut irakurri eta ez dut esango irakurriko ez dudanik, baina inoiz aipurik egiten badiot barkazio doinurik gabeko begirunez egingo dut, euskara publikoak ohi ez bezala. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario