viernes, 10 de marzo de 2017

BANDERAPETAN

EL DIARIO VASCO 10-3-2017

            Espainiako bandera ikusten dudanean, ondo egitekotan ikurrina idatzi beharko nuke, ez zait emoziorik pizten. Emozioak kontrolatu egiten ditut. Ni ordezkatzen nauen banderetako bat da, gu ez esateagatik. Espainiako himnoa entzutean, ordezkatzen gaituena da, berdina gertatzen zait. Ezin diot neure memoriari zirkin egin. Zaharregia, adin nagusitasunera diktadurapean iritsitakoa, eta ezin ahaztu indarrez altxatuz errepublika legitimo bat makurtu eta deuseztatu zuen ikurrin bera dela. Ezin ahaztu diktadura horrek berak derrigorrean inposatu zuen ereserkiaren musika melodia dela. Hala ere begirunez, zibikotasunez, begiratu eta entzuten ditut eta hala egitea ezinbestekoa behar lukeela iruditzen zait. Ez eskatu niri errespetua ez den inolako atxikipenezko sentimendurik, ez nago emozio horietarako. Berdin litzaidake, edo hainbat eta gusturago, Si vas a Calatayud, Desde Santurce a Bilbao edo Sur le pont d’Avignon abestea eta ereserkitzat hartzea dagozkidan ereserkien ordez.
         Ulertzen ditut, beraz, Espainiaren sinbolo horien aurka egon daitezkeen zenbait jarrera eta iritzi. Ulertzen dut, bai eta ere, beste banderape batean bizi nahian sinbolo horiek onartezin bilakatzea. Ez dut onartzen geurea ez kontsideratzea beste arrazoirik gabe iseka, burla eta mesprezu egitea, edo gorrotoa sentipen legitimo bezala praktikatzea.
         Negargarria izan da Espainiari buruzko eta, nonbait, umorezko telebista programa horren jarduna. Geure txarrena erakutsi dugu. Bandera, ereserki eta antzeko kontuek badute gaitasun hori, bakoitzetako txarrena eta zikinena bistara atera eta abian jartzekoa. Hedabide publikoa ala arazo publikoa? Esango nuke ildo editorialetik atera gabe gertatu dela guztia. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario