viernes, 3 de noviembre de 2017

ERGATIBOAREN ALDE

EL DIARIO VASCO 3-11-2017


         Ebakia haiek eta kortatua nik, haserretzen hasi zaizkit lagunak. Utzi beharko dudala noizbait bazterrera kaskailukeria eta jatortasunaren nagusigoa, ironiaz arren, aldarrikatze hori. Onartzeko behingoz “ebakia”. Egiteko men. Arrazoi duten arren zaila zait hizkera egokiari uko egitea. Arau trantsizional (iragankor) bati ekin beharko diot. Ebakia eskatzen dutenean “nik honek, edo hauek, bezala” esanaz eskatuko dut. Eta, noski, jolas egin, jolasean ibili eta jokatu esaten jarraituko dut, inoiz ez jolastu, gehiengoak nabarmen makurraraziko nauen arte.
         Kafetara iritsita, tertulia gozora, giroan nabarmena zen zenbait auzi edo bizitzeko zailtasuni konponbide emateko lege aldaketen beharraren aldekotasuna, konstituzioarena barne. Hemengo katolikotasunak laxatu zirenetik, sineskeria, dotrina eta obedientzia itsua besterik ez zena, praktikotasunaren izeneko komenientziazko arau eta lege aldatze eta egokitzearen aldarri onberakeriazkoa bezain arrazoizkoa  jarri zen modan. Bezperako hauteskunde kanpainako eztabaidaz hasi ginen. Lotsagarria zen, ebakia eskatu eta konstituzioaren aldatze zale zenaren esanera, hautagai guztiek euskarazko ergatiboa hain barregarri erabiltzea. Denok gaizki erabiltzea ebitatzeko, araua aldatzea, konstituzioa bezala, genukeela hoberena esan nion. Kenduz gero inork ez zuela gaizki erabiliko. Barre egin eta jarraitu egin genuen.

         Sare sozialetan esaten egin dut aproba, emaitza oso kaxkarrekin. Haserretu eta mindu egin zait jendea, ergatiboa aldatu eta konstituzioa bere horretan zaintzeko sutsu bat izango banintz bezala. Irainduak sentitu dira, eta ez luke hala behar. Gauzen aldaketaren errazaz eta zailaz erreparatzeko ariketa txiki bat besterik ez da. Eta ez da erraza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario