viernes, 16 de marzo de 2018

AHOZ JATOR

EL DIARIO VASCO 16-3-2018


Zausk eginda uzten ninduten hizketok gero eta sarriago entzun zitezkeen, ikuskizunari harik eta emozio handiagoa eransten. Kauenka eta dioska, urtetako errosarioak aski ez balira bezala, joaten zen saioa, publizitaterako tarteak salbu. Ez nuen ulertzen nola, hain izu eta ikara gutxirekin, onartzen zen hura. Edukazioaren nolakotasuna asko aldatu eta moldatu da gaurkotasunera.
       Donostiako zinegotzi lanetan fortunatu zitzaidan gauzak zuzentzeko erdi aukera. Estropadetan, hala arautua, lauko txanda bakoitzetik zozketaz izendatutako bi txalupak kamera eta mikrofonoa eraman behar izaten zituzten. Hartara, errealizadoreak nahi eran traineru horietako irudiak eta hotsak ikusi eta entzun daitezke telebistatik. Orohar lotsagarri bezain laidogarri irizten nien patroiek erabiltzen zuten aho aldeari, futbol partiduetako futbolarien  listu botatze eta tu egite narrats eta etengabeak baino ere areago. Eragotzi egin nahi izan nuen gisa horretako hitz erreketa, telebistaren erresistentzia osoz. Besterik ezean traineruek, bere taldetasuna isilean gordeaz, mikrofonoari behintzat ezetz esateko aukera ezarri nuen. Inork ez zion ukorik egin, guztiek hor jarraitu zuten biraoka eta maldizioka  lehiaketari emozio baldar hori gehituz.
      Ahaztua neukan kontua, futbolisten listua ez bezala, eta bi astetan jarraian tokatu zait Gailurra Xtreme izeneko programa ikustea. Euskaraz Diosss, kauendiosss, ossstia, kaben puta, ... beste letaniarik ez ote zuten iruditu zitzaidan, lotsagarrikeria publiko bezain trauskila. Gutxienez emakumeek horrelako hizkerarik ez erabiltzeak lasaitu ninduen baina, hurrengo astera arte, gorri ugarienak zegoen emakume bakarrak bota zituen arte. Ahozkotasuna lantzen, zer jator!

  

No hay comentarios:

Publicar un comentario