viernes, 10 de agosto de 2018

ASTINDUTAN

EL DIARIO VASCO 10-8-2018


Oraindik sakona eta iluna ikusten du askok euskararen putzua, nekatua, sufrimenduz betea. Honetaz asko pentsatu eta hitz egin beharko genuke baina, batzuontzat, leku gero eta estuagoa da putzu hori. Hala ere, atzera begira, izan dugun bizimoduan arreta jarrita, putzu barea eta atsegina izan dugu euskararena. Zenbat hitz gozo, ele eder, sentimendu zintzo, hizketa ezti. Baina putzu bare orotan bezala harrikada bat erortzen bada bete betean, zipriztina eta uhin harroak eragiten ditu.
Badirudi euskararen aldeko askok putzu astindua, ur harroak, eta harrikadaren ondorioak, bazkatu behar izaten dituztela euskararentzat hil ala biziko dirudien haserrea eutsi edo gizentzeko. Casadok hitz egin duela eta..., zer esan duen gehiegi erreparatu gabe haserrerik bortitzena adierazten duenak dirudi euskaltzale jatorrena. Euskara ez dela Nafarroaren hizkuntza esan eta euskara ez dela Nafarroako hizkuntza ulertu behar diote beren jarrera zibiko publikoa dela ontzat eman daitekeen bakarra adierazteko.
Andoni Unzaluk bere liburuaren aurkezpenean, oraindik zabaldu zain dauzkat bere orriak, euskaraz ala erdaraz berdin da, euskararen mundu sozial eta ofizialarekiko zorroztasun, zorrozkeria alditan, kritikoa agertu duela? Uholde zakarrak gure putzuan, gizona erakunde arduretatik botatzeko eskatuz eta guzti. Ados egon ala ez pertsona hauek esan dituztenekin, inoiz ez naiz ados egoten erasotzen dieten kritika aberriano eta zuzentasun politikodunekin. Besteren artean lerro bakarra irakurri gabe omenka sotil batera ere lerratzen ez dakitelako.
Benetan uste dute Casado ala Unzalu ahobakarkeriaz kritikatzen dutenek, euskal herritar askok, baina askok, herritartasunari ukorik egin gabe, ez dutela haiek bezala pentsatzen?


No hay comentarios:

Publicar un comentario