viernes, 21 de diciembre de 2012

EGIA

EL DIARIO VASCO 21-12-2012

          Historia eta gertakizun historikoak desitxuratzeko ez dago haiek ospatu eta ustez bere hartan zaintzen hastea bezalakorik. Kontatzaile oso onak behar dira egia, ahoz aho, belarriz, begiz,  galdu gabe zabaltzeko. Orain berrogei urte joandakoren bat askatuko bagenu gaurko Azpeitia edo Donostiako kaleetan edo geutakoren batzuek orain berrogei urteko Santo Tomas ospakizunetara itzuliko balira gauza beretsua esango luketen irudipena daukat: Hau ez da Azpeitia, ez Donostia, eta baldin bada hau ez da Santo Tomas eguna. Jaiak arrazoi serio bat tarteko ez bada ez ditugula ospatzen sinistuz geure buruak engainatzen jarraitzea ez da egin dezakegun okerrena, ez dugu horrekin kalte gehiegirik egiten.
          Auskalo nola kontatuko duten gaurkoa bizi dutenak hemendik berrogei urtera, nork daki zer sinesgarri eta zer sineskeria kontatuko dituzten. Seguru nago askoren oroimena guztiz lausoa izango dela eta zientoka dezente izango direla bizian harrapatu zuten lehendabiziko mozkorrari atxikiko zaizkionak.
          Mozkorra aitzakia, bada Arrate irratian larunbat bazkalondotan alkoholiko anonimotakoek  egiten duten irratsaioa. Memoria ariketa berebizikoa iruditzen zait kontatzen dutena. Entzun egin behar dira nola kontatzen duten, zer esaten duten, hizkuntzak zer balio hartzen duen, zer lekukotasun eskaintzen diguten. Historia, eta berarekin oroimena, folklorizatu dugun honetan, egia nola kontatzen den entzutea aintzakotzagotzat hartu eta gehiago eskertu beharko genuke. Hitz horiek bai direla memoria eta ez, hala deitu arren, komenientziara eraikitzen ditugun gezur txikiak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario