viernes, 24 de enero de 2014

INFERNURA

EL DIARIO VASCO 24-1-2014

         Jende zintzo asko dago, gauza onerako jende zintzo gehiegi eta ez zait hori gustatzen. Baina horrela, garbi esateko, jende jakin batzuek kenduta zergatik esan inor gaiztoa denik? Auskalo, nork ote daki? Kontua da ohitura hartu dudala. Inoren aipua egiten didatenean, arriskuak albora utziz, inor gaizto malapartatua zenik ez esatekoa, zertarako mindu on beharrez hori esan dizun hura? Baina ameto ere ezin eman eta zerbait adierazi egin behar. Egongo dira hura baino zintzoagoak infernuan esateko ohitura hartu dut, eta ezin dut kendu.
         Infernua aipatzea bera ere antigoaleko kontua dirudi. Gurera eta gaurdaino, kristau kutsu anker eta basati batekin iritsi da, sua, errea, kondenatuek betirako zigorra pairatzeko lekua. Eta orain, diotenez, ez omen da, gure zibilizazioa zenaren oinarrietako bat ez omen da. Eta ez dut ulertzen zergatik. Inoiz izan ez delako? Orain izaterik komeni ez delako? Bezeriari interesatzen ez zaielako? Edo inora gabe bertan bizi dugulako? Ez dakit.
         Antzina-antzina, grekoen eta erromatarren zibilizazioetan, hilen arimen egoitza zen infernua. Esango nuke oraingo zerua bezala ia, zerurik bada behintzat. Joan zen Ulises hildakoei kontsulta egitera eta han zegoen Akiles defuntuak hala esan zion: Nahiago nuke bizirik txerrizain izan lurreko munduan defuntuenean errege baino. Kultura kultura denez, eta ez Homerok bezala kontatua baina, antzera esan omen zuen Praixkoren aitak elizakoak eman eta zerurako moduan zegoela jada esan ziotenean. Hilda zerura baino nahiago zukeela, berriro, ezkondu eta Bitorira erantzun omen zuen, Iliada irakurri gabe hark.


No hay comentarios:

Publicar un comentario