viernes, 7 de marzo de 2014

EGUNON

EL DIARIO VASCO 7-3-2014

         Gazteleraz ari ziren elkarren artean bi emakumeak, hirurogeita hamarna urte edo. Tabernako mutila ere, nirekin euskaraz ozen, gazteleraz ari zitzaien. Guztiek nahasten zituzten euskaraz hitz bakanak. Gizonezko bat sartu, emakumeen ezaguna, eta argi agurtu zituen, sinpatia ahalegin berezia eginez esan nahi dut. – Egunon! Esan zuen.
         Ordu bata zela, bazkalondoa, eta ez zela egunona agur modurik egokiena esanaz bezala, maitekiro baina, erantzun zion emakumeetako batek. Tabernako mutilak hartu zuen parte orduan, poliki, etenak eginaz, ulertzen ez dutenei hitz egiten zaien eran, altu: Egunon esateko, berandu da, berandu, esan zuen. Gizonezko gizajoak jarraitu egiten zion berandu hitza burumakur errepikatuz, be-ran-du. Mutilak erakustaldiari jarraitu zion, arratsaldeon esateko goiz da (go-iz, gizajoaren oihartzunak) beraz, eguerdion, eguerdion! E-guer-di-on! errepikatu zuen gizonak. Vamos a empezar a venir a las tardes con un bloc y tomamos nota, esan zuen emakumeak. Mutilak emakume euskaldunei gazteleraz hitz egiten jarraitu zien eta, bere borondaterik onenarekin, egunon esan zuen erdaldunari dena euskaraz hitz egiten.

         Ez da ezohikoa pasadizoa, baina ikasteko baino erakusteko jaio garela dirudienez, eta euskaldun bakoitza hizkuntzalari bat omen garenez ameto eman beharko dugu. Aurretik esan beharko, hala ere, eguerdion hitzak ia tradiziorik ez duela izan euskaran Jose Ramon Belokik Herri Irratiko informatibo gogoangarri haietan guztiz etxeko egin zigun arte. Ez da meritu nahiko euskaraz hitz egin nahiko lukeen erdalduna gupida gabe eta publikoki zigortzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario