viernes, 30 de mayo de 2014

7 ALDEAK

EL DIARIO VASCO 30-5-2014

Der Fall Collini izeneko Von Schirachen nobelan, (gazteleraz El Caso Collini) epaileak salatuari esaten dio fiskalak eskatzen duen behin behineko kartzelaratzea agindu beharko diola agian. Salatua, hiltzailea, ia berrogei urtez Sttugarteko fabrika batean lana egin duen italiar jubilatu bat da. Köhler epaileak galdera hau egiten dio: alemana ondo ulertzen al duzu?
         Alto egin dut irakurketan. Horrelakoetan ohi dudan legez pasartea kolore horiz azpimarratuz nabarmendu dut. Ez dakit zertarako, zeinentzako, baina harrigarri egiten zaizkit, liluragarri, hizkuntza aukerak eguraldiaren gorabehera bat legez, edo ardo txuria eta beltzaren arteko berezko aukeraketa bat balitz bezala, idatzita dauzkaten kontakizunak. Ezin ditut kitzikarik gabe irakurri, eta badakit munduko jenderik gehienek hala irakurriko dituztela, ezer berezirik ez balira bezala.

         Zutabean horretaz aritzea erabaki nuen. Gazteleraz duela hamabost egun egin nuen, euskaraz gaur ari naiz. Gauza berdin berdina kontatu eta, hala ere, ondorio guztiz ezberdinak dituela idazki bakoitzak ziur nago. Ulermen ezberdineko irakurleen aurrean ikusten dut neure burua. Batera kontatu nahi nieke eta kitzika berdinak eragin biei. Ez dakit zergatik den ezinezko. Pozik alderatuko nituzke irakurle multzo batenak eta bestearenak, inor gutxik egiten duen ariketa dela uste dudalako. Zazpi aldeak baino gutxiagorekin konformatuko nintzateke, Agian alde bakarra, edo bi, ulertzeak aseko ninduke, euskarazko irakurlea eta gaztelerazkoa zerk itsutzen dituen aztarna txikienak jakiten hastearekin, elkarren berri izatearekin.

No hay comentarios:

Publicar un comentario