viernes, 27 de junio de 2014

KOMUNEKOAK

EL DIARIO VASCO 27-6-2014

         Komunean egiten diren irakurketez ari naiz irakurtzen. Zer esan handiak daude eta galdera pilo bat, oraindik eta ere erantzun gehiagorekin. Ez beti, dezentetan bai, irakurtzen dut nik ere komunean eta beti etortzen zait burura Ibon Sarasolaren Euskal Literaturaren Historia, hizkuntza batean bezala bestean. Joan den mendeko hirurogeiko hamarkadaren azken aldera gertatzen ari zen euskal literaturaren berritzeari buruzko orrialdeak dira. Pentsaera klerikalak ezin omen zuen onartu berrikuntza hori.

         Zugasti’tar Anizetok Salbador Garmendiaren Historia Triste Bat antzerki lanaz Zeruko Argiako artikulu batean esanak agertzen ditu: Antzerki horrek, bere mensaje eta guzti, ez zuela batere onik egingo gure errietan… asmatutako zikinkeria hark kalte ederra egingo zuela eta estreinaldirakoan Donostiako eliz-ateetan “Historia Triste Bat: 3-R” zentsura jarri zela. Aurrez Zugasti jauna “literatura de letrina”z mintzatzen omen zen artikulu berean.


         Literatura de letrina esapidea euskaratzeak eragindako zalantzaz gain, beste baterako hori, gogora etortzen zait, geure eskas eta urrian, kritikak sasoi batean izan zezakeen itxura anitza. Gaur euskaraz egina izate hutsak aski dirudiela diotenen eta iragan oro idealizatzeko joera dutenen aurrean behintzat. Ariketa kritiko bezala ikusia izan zitekeen hura botere ariketa lotsagabe bat ez besterik bezala gorde beharko genuke gure memorian. Bestelakoak dira komuneko kontuak, ordukoan ere ez botere guztien debekurik gabeak. Zalantzak, bietatik dago eta, hor jarraitzen du komuneko ala komunerako literatura argitu gabe. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario