viernes, 3 de octubre de 2014

ETZEGARATE@

EL DIARIO VASCO 3-10-2014
            Txirrita bertsolariaren kalea jarri zioten kaleari izena eta errotulua, bi hizkuntzetan, calle del bertsolari Txirrita, alegia. Ez nago ziur intentzioa Txirrita gure aipamenetan gordetzea ala, bertakoen ahotan ezin bazen, euskara pareta bazterrean nabarmen iltzatua uztea zen. Baina, aldaketak aldaketa, Txirrita kalea, calle Txirrita ere bai nahi izanez gero, “calle bertsolari” oso ohiko erabilera izatera iritsi da, ez euskara eta ez Txirrita gogoan gelditu direlarik.

         Hala ere kale izenak hizkuntza bietan jartzea ondo iruditzen zait eta bai eta hizkuntza bakarrean ere, bakar hori beste hizkuntzatik ere ulertzen bada behintzat. Ulertzeko; calle de la música bi hizkuntzetan baino musika kalea hizkuntza bakarrean jarriko nukeela, edo Mariano kalea Marianoren kalea baino egokiagotzat joko nukeela kalerik edo plazarik mereziko lukeen Marianorik balego. Ez azkenaldian Donostiako agintariek egin duten proposamen negargarri hori bezala!


         Halako proposamena halako erantzuna,  oposiziotik Euskaltzaindiari galdetzea proposatu da. Harriak negar. Akademia bati, zalantzak konpontzeko egonik ere, aginte arduratsu batetik ez zaio galdera tentelik egin behar, arinkeriekin enbarazurik eragin behar, kontua modu zelebrean amaitu baitaiteke. Begira Idiazabalerako  erabakia: Echegárate ezagutu genuena, Etxegarate izatera kostata bihurtu genuena. Ia denak esaten eta idazten ikasita geneukanean, Etzegarate omen zuzena, erraza eta debaldekoa gertatuko balitz bezala aldaketa. Zuzentasun filologiko nolabaiteko hori zentzuz eta tentuz erabiltzen ez bada erotu egingo gaituzte, euskara eta gu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario