viernes, 5 de diciembre de 2014

BATURANTZ?

EL DIARIO VASCO 5-12-2014
         Euskararen kontu honek badauka gustatzen ez zaidan eta oso zabaldua dagoen aldea: jakinduria eta konbentzio edo arau ororekiko antipatia oso sustraitua. Beren buruari euskalgintza deitzeko ausardia dutenak eta besteok, horren barruan ez kontatzeko lotsagabekeria egiten dutenak, beti daude prest demokrazia zerri askara botatzeko. Azken urteetan, demokrazia aldian, euskarak, edo euskaldunak euskararekin, aurrera egindako guztia, temosoenek ere ondo dakite hori, asko da, eta den dena herri administrazio eta politikaren kontra egin dela nahi dute adierazi. Gutxi egongo dira hau baino gezur handiagoak.

        Lehendakariak euskararen egunez Mitxelenaren gorazarre egin digu euskara batua aintzat hartuz. Bazegoen horretarako premia. Atzo arte pentsaezina zen irratian edo telebistan, mikrofonodun ezertan, hitz egitea tokatzen zitzaion herritarrik xumeenak ere, itxuraz eta behar bezala egiteko, arauz alegia, ahaleginik ez egitea. Gaur, jatortasunaren, naturaltasunaren, berezkotasunaren, gaztetasunaren izenean, hedabideetako hiztunak, profesional publikoak barne, denak lotsagabetu dira, eta hainbeste mesede ekarri digun euskara batuaren ordez inongo ez diren bertakokeriak botatzen dituzte hizkuntzaren harribitxizko ondareak balira bezala. Gero eta gehiago dira, adibidez, esatariari alboan bizkaierazko esatari bat jartzen dioten programa publikoak. Gero eta jende gehiago dago esateko enpeinuan baino esateko modu txatxuren batean aritzen dena irrati eta telebistetan, bere herriko euskara hala omen den aitzakian. Gezurra hori ere. Demokraziari, jakintzari eta gizarte arauei zergatik zaie halako higuina gure artean?


No hay comentarios:

Publicar un comentario