viernes, 27 de marzo de 2015

GORRIKA

EL DIARIO VASCO 27-3-2015

Zenbat zapatila, bota, abarka eta oinetako klase! Zenbat eta zenbat! Guztiak euskararen alde, salbuespenik gabe. Nire gerra galduetakoa da euskararen honetan ibili eta ibili, korri eta korri, eragin eta eragin, aritzearen horrena. Hitz egiten dut, entzun, irakurri, idatzi, erakutsi, ezkutatu, agertu, estali. Ez dut uste askok eta askok euskaraldeko jendetzat naukatenik hala ere, eta ez dakit besterik behar denik ere. Hor dabil korrika, gero eta alaiago, gero eta osasuntsuago, gero eta onartuago eta ahobatekoago, aspaldian galdu nuen gerra hori. Arrazoia inoizkoan etxeratuko zaigun esperantzan hilko naiz, ez dut sekula galduko jendearenganako fedea. Hala ere aitortu behar dut guzti-guztien adostasuna susmagarria dela, isiltasun koldarren bat, edo gehiago, ezkutatzen ote dituen. Ezberdin, edo kontra, pentsatzen duen jendeak egon behar du baina ez gara ageri.


Ageri dena da, Europako kultur hiriburutza dela eta, patronoen artean darabilten auzia. Hizkuntza txiki edo minorizatuen kongresu bat antolatzeko, geure gobernua ala erakunde herritar bat, zein den egokiena erabaki ezinik ibiltzetik haratago doan auzia iruditzen zait. Pultsu zaharra da hori, euskara bezain zaharra ia. Harrigarri egiten da zein jende gutxi dabilen horren kezka publikoan, babesgabe nola uzten dugun Jaurlaritzaren zilegitasuna, zenbat garrantzia gehiago duen etiketa politikoak argudioak baino, zein gogo falta, zein beldur klase, zein libertate falta dagoen debatean, denok, ahobatez, zapatilaka, zapataka… ihesi bezala, aurrera goazen bitartean, ezer garrantzizkorik gertatuko ez balitz bezala, itsu-itsu, gorri-gorri, gorrika.

No hay comentarios:

Publicar un comentario