sábado, 29 de agosto de 2015

HORRELA?

EL DIARIO VASCO 28-8-2015

         Gure irrati eta telebista publikoak entzun egin behar ziren duela ez askora arte, hura Nafarroa aurkezten zigutena, edo, hobeto esanda, haiek Nafarroak aurkezten zizkigutenak! Lapurra, zekena, iruzurtia, kaskagorra, baldarra, memeloa eta baboa, beti gaizto, erdaldun eta karlistoia bata, eta historikoa, sustraiduna, alegiazkoa, jatorra, gutarra, asaba zaharren baratza, gure zain egon eta gurekin nahi zuena, beti debekatua, bestea. Nafarroa ofiziala, nafarrek ofizialki izendatutakoa, arazoak egon ala ez, ez zen existitzen, ez aitortzen. Hala ere, maltratadore batek bere bikotea bezala, geurea behar genuen. Geurea nahi genuen eta ez genion bererik aitortzen. Gutako askok nahi genuen Nafarroa, nafarrei inbututik bederen sartu eta irentsarazi egin nahi genien. Hiriburuak bere izentzat daukana ukatu eta ez onartzeraino. Ikusten da ez nuela maite kontua.

         Fortuna demokratikoak nahi izan du, nafarren gehiengoak, arrautzopilari buelta ematea. Gutako askok, zer esanik ez, gure irrati eta telebista publikoak, uste dute nagusitu direla azkenean gureak, gutarrak eta gure arrazoiak. Kristal mehezko gehiengoa delakoan nago, baina ez da hori gaurkorakoa. Ez du orain erreinu zaharrak, eduki omen dugun eta eduki gintuen estatu zaharrak, berri txar bat bera sortzen. Agintari guztiak, Barkos andrea buru, dira zintzo eta eraginkor apartak. Konbentzituta nago gertatu dena ez dela kalterako izango. Baina pertsona pertsona deneino kosta egiten zait hemen paradisurik denik eta Nafarroa, edo beste edozein, gauetik goizera, horrela, alda daitekeenik sinestea. Nik eta zenbaitek, geure komunikabide publikoez dugun tamalezko iritzia da.  

No hay comentarios:

Publicar un comentario