viernes, 8 de julio de 2016

EZ BADA

EL DIARIO VASCO 8-7-2016

            Berezkoa zer izanik ez duen joera dugu euskaldunok. Beste guztien ezberdinak garela pentsatzekoa. Hala gara eta arrazoi dugu. Baina ez gara hori gertatzen zaien bakarrak munduan; horretan beste mundutar guztien berdinak gara. Arrazoia galtzen dugu, halakotan mundu guztiak galtzen duen bezala, ezberdinak garela pentsatu eta uste izateko joera hori derrigorrez ezartzen dugunean. Baina ezberdinak gara bai eta geure artean ere, alegia ez gaudela bi euskaldun berdin, eta ez dakit horretaz konturatzen garen. Andaluz baten aurrean bi euskaldun jarriz gero hiru pertsona ezberdin ikusi behar genituzke, ez bi giza multzo ezberdin. Elkarren arteko, euskaldunon arteko, ezberdintasunak aitortzen eta identifikatzen ikasten lan handia daukagu.
            Hauteskunde emaitzen harira irakurtzen ari garen iritziek jartzen dute zer esanik honetaz. Espainiako beste lurraldeetan ez bezala, hemen eta Katalunian Podemos izan da lehen indarra. Batzuei proposamen nazionalisten gainbeheraz hitz egiteko balio die eta nazionalistei euskaldunok gainerako espainiarrekiko dugun ezberdintasunaz, ez espaniartasuna barne, hitz egiteko. Udazkenak ekarriko omen ditu hemen hauetan gauzak bere lekura. Nik neuk inolako lekuz kanpokotasunik ez du ikusten.

            Hauteskunde emaitza hauek kritikatzea oso da zilegi; neuk ere ez ditut gogoko. Emaitzak kritikatzea da bat, garaipena aintzat ez hartzea bestea, eta okerrena, onartezina, podemostarrak kritikatzerakoan erabiltzen ari diren gezur eta ukazioak dira. Ez direla hemen jaioak dioenik, euskalduntasuna lotsagabeki ukatu dienik ezagutzen dut. Kritika politikoa egiteko espainola dela esatea argudioa xenofoboa da nahiz eta tradizio demokratiko handiko alderdietatik egin. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario