viernes, 16 de septiembre de 2016

GORABIDETAN

EL DIARIO VASCO 16-9-2016

         Han zihoan, auto atzea kargatu eta bolantean aurrez egin behar eta egin gabe zeuzkanak eginaz: gerrikoa lotu, antioju beltzak jantzi, belarriko minik gutxiena eragingo zion emisora harrapatu, eta garaiz egin ezean arriskutsu bihurtzen diren horiek guztiak eginaz. Atzeko jarlekura zerbaiti heltzera edo eustera beso bat luzatzea besterik ez zuen falta. Industria poligono bat, larunbata, eta ia ez jenderik eta inolako ibilgailurik, beraz ez eta arriskurik ere, salbu eta berak, nahaste ikaragarriren batean, bazterren bat jo edo bidetik kanporakoa hartzen ez bazuen; hala ere abiada hartan...
         Denak zuzen, asteburu ederrak eragin ohi duen lasaitasun horrekin zihoan, ez bolantean zakur amorratu edo otso ero bihurtzen diren horiek bezala. Tupustean eta muturren aurrean hiru neskatilak gurutzatu zioten errotonda erdiz erdi. Ikaratu egin zen eta hala ere aukerarik onena egiteko kapaz izan zen, frenatu eta isil isilik iraun neska izutuok bide bazterrera, salbazio eremura iristen ziren arte. Aurrera egin zezakeen deskalabru bat eraginaz, baina garaiz jabetu zen. Metroak lehenago, bozinaka eta orroaz hasi zitekeen neskei abisu emanaz, paseak pasa arrazoi duela adieraztea besterik nahi izaten ez dutenek bezala.

         Ikaraz egin zuten korri bi neskatok, hirugarrenak “eta zer?” aurpegia melena artean jarri eta, bere gorabide hasiberriko gaztetasun guztiak zut, desafioz bezala begira, lasai arraio jarraitu zituen bere pausoak. Haren kideei deitzea pentsatu zuen eta harako hari burukoek urdailera jotzen ziotenean ere berak gizon eta laguntzaile jarraituko zuen abisua ematea pentsatu zuen. Baina hori noiz gertatuko ote da? Eta, bera, non egongo ote da gertatzen denean, haize guztiak otzandutakoan?

No hay comentarios:

Publicar un comentario