viernes, 2 de diciembre de 2016

ZER EGIN DEZAKEGU? EDAN?

EL DIARIO VASCO 2-12-2016

         Kilometroz, pausoz, urratsez, ibiliz eta oinez osatuxe daukagu euskara demokrazian abian jarri zenetik. Hainbeste neke eta izardik egingo al zuen mesederen bat! Ez ote gintuzten nekatuta utziko, guztiz indargabetuta, aurrera egiteko bide sailari behar den kemenez ekiteko! Agian hau zen espero genuena, hau bezalako zerbait behar genuena, benetan; zaila jakitea. Atzera, maldan behera, begiratuz neke zintzo asko ikusten dut, saio ondradu ugari, porrot burrunbatsuak, arrakasta itzelak, poz uste gabekoak, amorrazio kate luzeak. Ez dakit irudimena ahitu zaigun jada, errazkeriaren arora iritsi ez ote garen, ditugun ahulezien eta harrokeriaren artean ez ote dagoen desproportzio handiegia, baina gustatzen ez zaizkidan eta ontzat ematen diren gero eta kontu gehiago dago. Galdera gutxi eta eztabaida urritasun handixea dago. Ezintasun kritikoan mozkortuta gaude. Ezeri ezin zaio bainarik jarri intentzio txartzat, jarrera suntsikortzat eta antieuskalduntzat hartua izateko arriskurik gabe. Egon ninteke oker ere, baina...
         Gobernuak galdetu digu, euskararen eguna dela eta, zer egin dezakegun gutako bakoitzak euskararen alde? Esango nuke guztiok besteri egiten diogun galdera dela eta ez norberari. Erantzunak ere besterentzat dauzkagula, nekez norberarentzat.

         Egun horretarako, adibide bat, Donostian egiten zaizkigun proposamenak irakurri ditut. Beste proposamenen artean, lau afari, sei bazkari, hamar poteo, lau txokolate jan, bi merendola, ardo dastaketa, pintxo mintzoa eta barrikotea daudela ikusi dut. Zer egin dezakegun euskararen alde? Bistakoa, ez galdetu, bada ez bada ere, guztiaren egokitasunaz  eta... edan. Edan, datorrena datorrela. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario