viernes, 2 de junio de 2017

EZ DA IZANGO!

EL DIARIO VASCO 2-6-2017

         Badu adur gaiztoren bat Donostiak, munduko hiririk euskaldunena izanik, historia osoko euskaltzaleena ere esango nuke, unibertsoko ziudaderik antieuskaldunena bezala ikusia izan izateko. Baserritarkeria zital bat, euskarak baserritartasuna eta baserritarkeria bereizten ditu argi, beste arrazoirik ez dagoela esango nuke. Euskal prailekondo dominanteek donostiarron kaskarintasunaz eta txolinkeriaz ozenki hitz egiteko inperatibo moral eta intelektualaren garaiak bizi ditugu.
         Mikel Laboa donostiarra zen. Donostian du egoitza Laboa katedrak, Donostian du izena Mikel Laboa zubiak, Donostiak egin nahi izan zion aitormena, Etxenike, Chillida, Arzak, Orfeoia, Reala eta Koruko Ama eta indarkeriaren biktimei bezala, hiriaren urrezko dominarekin. Donostiak borratu ditu Antiguako paretetatik Laboaren irudia eta kanta hitzen horma-irudia. Barkamena eskatu behar izan du alkateak, ez lehengoak oraingoak, Laboaren oroimenari Donostiako ziudadeak, nola ez!, egindako irain horregatik. Garbitasuneko peoi baten arretakeria izan omen da, bere lanean saiatuegi aritu denarena.
         Gisakorik ez errepikatzeko eskuliburu bat edo eman beharko liekete peoiei, ohiko errudunei, ezabatu ezin ditzaketenen ohorezko irudiekin, haien aurrean alper nagian pasa daitezen. Hain euskararen etsai ez diren hirietan, Bilbon, Gasteizen, Baionan, Iruñan... balioko luke eskuliburu horrek? Badaki inork Laboak, Laboa nazionalak, hiri aitorpenik duen? Donostiako iraina posible ote zitekeen horietan?  Izenaren plaka herdoilak jotzeko bederen kale edo leku zoko ziztrinen batek Laboaren izenik ote duen? Txoriak txori...


No hay comentarios:

Publicar un comentario