viernes, 25 de agosto de 2017

ZER EZ DEBEKATU?

EL DIARIO VASCO 25-8-2017

         Xenpelarrenak, Txirritarenak, atso eta neska zaharrei buruzkoak, ama saltzen duten sehaska kantatakoak, edo edozein ezkontza hautsi eta desamodio, erlijiozkoa ez den kanta, literatura, bertso eta tradizio oro, debekagarri izateko puntu puntuan dago, arrazoiz agian, baina ezer gabe gelditzeko arriskuan. Gure alderdirik nagusienaren liderrak, bere gobernuko Emakundek gomendio ia debekuzkoak eman aurrexeagotik, gauzak “despacito, despacito... suavecito, suavecito” egiten zituztela zioen. Barkatu egin beharko diogu inkongruentzia, baina ez euskaraz, Iparragirrerenak “poliki, poliki / negar egingo luke nire amak baleki” dioela gogora ekarri gabe. Mendebaldeko gizarte tolerante honetan ezer ere toleratu behar ez dugula jartzen ari gara.
         Edozein ume mokok “kristoren ederra, handia, polita...” esaten erakutsi dugu azken urteotan, baina Kristorekikoak ez dira nonbait txantxetakoak, mairu herrietako kontuak dirudite. Gure polizia autonomikoa jarri zaigu umoreari eta moralari tamaina erabakitzen, ez nola hala gainera. Asmamen urriko umoreari jasangarritasun urriagoko aginte jarrerekin erantzun zaio. Malo. Okerreko bidetik goaz.
         Adi, baina! Kristautasunari, apezpikuei, euskaldunei, eta jende eta gauza zintzo orori, jaungoikoei noski, burla eta iseka egitea eragotzi eta zigortzen zaigun une berean, gure telebista erromeriazaleak, behin eta berriro, ziento bat aldiz berriro, erakusten dizkigu ondo jan, edan eta gobernatutako euskaldun musugorriak, eztarria eten beharrean, graziak lepoko zapiei, “bota dezagun demokrazia zerri askara” kantatzen. Ez dakienik edo ulertzen ez duenik balego ere, azpitiulu txukun  eta garbiak ezarriz. Zer dios edo kristogatik toleratu behar dugu halakorik?


No hay comentarios:

Publicar un comentario