viernes, 26 de enero de 2018

JENDE IZENAK, LEKU

EL DIARIO VASCO 26-1-2018


Iñaki Barriola zinegotzi kideari, elkar zirikan, hala esaten nion: Donostian hire kale izenik inoiz ez egoteko modua egin behar diat, aitonarenari aldaketa bat egingo zioagu, “Abelino Barriola y nietos” jarriko zioagu, hartara inor ez duk hitaz gogoratuko. Ez zen   Barriolatarren onarpena erasango, aitonak kale bati eta aitak aularioari ematen baitie izena. Zirikatzeez gain borrokatxoa eduki ohi nuen oinarrizko proposamena egiten zuen Tellabide jaunarekin. Behin baino gehiagotan mahairatu zuen Jon Etxaideren izena eta ukatu egiten nion, ez merezi gabea zelako, bi kale Etxaide izenarekin nahasmendua iruditzen zitzaidalako baizik. Galdezka hasita, zer lotura dute Lugaritz kultur etxeak eta Lugaritz pasealekuak?
Bitxikeria asko eta iritzi truke ugari konta daitezke izen ipintze kontu hauetan. Beti bota izan dut faltan beste hiri askotan indarrean dagoen araua, inor hildakoan ezeri ezin zaiola haren izenik jarri bost urte, edo kopuru luze samar bat, igaro arte. Eztabaidetan sosegua ezartzeko modua iruditzen zait. Hil eta hirugarren egunerako aitortu genion urrezko domina Laboari. Hilondoan, aste bete baino lehen,  eman zion Donostiak hiritar merezimenduaren domina Txillardegiri.
Txilardegirenak, benetako bezain eztabaidagarria den aitorpenak, ez du ase donostiar askoren ustez zor zaion aitorpena. Udal Liburutegi Nagusiari izena ematea ez den beste aitorpenik ez du onartzen zenbaitek. Merezimenduak aitortuz, ez nuke nahi inoren izenik liburutegi horrentzat, eta ezinbestekoa bada jartzea ez nuke ETAren biktimen omen oroimenezkoaren protestan militantzia politikoa eteten duen batenik nahi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario