viernes, 22 de junio de 2018

PARTE ZAHARRA BETI

EL DIARIO VASCO 22-6-2018

Autonomia abian jarri genuenetik euskaldunen kopurua hazten ari bada ere, zenbaiti, herri txikietako erroldetan bistaratzen diren erdaldun kopurutxoak direla eta, kontrakoa iruditzen zaio. Asko legoke hitz egiteko eta behar litzateke hitz egin horretaz baina...

Etengabeko leloa da erabilerak gutxira egiten duenarena. Nire inpresioa da, negarrerako geureganatu dugun zaletasun tamalgarri horren eragina gehiago dela benetako gertaera baino. Baina edozeinek esan dezakeenez intuiziorik hoberena baino ikerketarik txarrena fidagarriagoa dela, utz dezadan kontua ni ez naizela oso fio esanaz, besterik gabe.

Donostiako Alde Zaharra da historikoki neurketetan lotsagarri azaldu ohi dena, hor beti behera egiten du euskarak. Hala diote behintzat, eta iturri ofizialek sinesterago jotzen dute ez sinestera baino. Ez dut ahaztuko zinegotzi egin nintzenean, duela hogeita hiru urte, euskararen, ustez, kontrako gorabeheren erru guztia egozten zidatela oraindik ere beren burua euskalgintza izenaren aterpean babesten duten euskaltzale pilo batek eta jende gehiagok. Neurtzaileek zioten autobidea zabaldu zela eta nafar asko iristen ari zela Alde Zaharrera (sic) eta erdara ugaritzen ari zela. Idazteko ausardia izan zuten. Ordutik hona neurketetan euskarak behera egindakoak batuz gero, desagertua behar luke guztiz, alde zaharrean eta inguruetan.

Novoneyra galegoarena izango da agian. Bere poemak euskaratuta ikusi zituenean bera eternoa zela erabaki zuen, zeren hainbeste galera eta galera eragile pairatutako hizkuntza ez zela hilko zioen, parte zaharrekoa bezala.



No hay comentarios:

Publicar un comentario