sábado, 22 de diciembre de 2018

AZKEN BIGARRENEZ

EL DIARIO VASCO 21-12-2018


Zortzi urte pasatxo joan dira gaztelerazko periodiko honetako txokote honetan idazten hasi nintzenetik. Egiak sinestu baino geuk asmatutako egiantzeko gezurrak irentsi nahiago duenari arraro egiten bazaio ere, bi hizkuntzetako edozeinetan idazteko aukera eta askatasuna eman zidaten. Nola eskertu ez dakidan pribilegioa dudala sentitzen dut. Gazteleraz gustura idazten dut eta jendeak erraz irakurtzen du. Euskaraz, tentuz baina, oso gustura idatzi izan dut. Jendeari zailago egin izan zaio euskaraz irakurtzea.
Ordutik hona ziento erdi bat baino zutabe gehiago jarri ditut euskaraz orrialde honetan irakurlearen begietan. Errezeloa izan dut gehiegikeriatxo bat ez ote nuen egiten zutabea euskaraz argitara emanda. Gazteleraz behar zukeen espazioa ez ote nintzen eskubiderik gabe lapurtzen ari, periodikoaren berezko irakurlea, irakurmenez behitzat, erdalduna dela ziertotzat emanaz.
Jendeak baina, txunditu adina hunkitu nau. Neurtu eta kontsolatu ahal izan ditut jende zintzoek bi hizkuntzetako gaitasunari dien begirunea eta mira, enbidia sanoa. Bihotzez eskertu izan izan dut zer begirunez ulertu didaten eta sentitu duten nik, neure ustez, lapurtzen nien zati horrekiko kontsiderazioa. Nola eskertzen zidaten gazteleraz idatzia eta nola sentitzen zuten euskaraz idazten nuen hura ezin irakurriaren pena. Nola esaten zidaten nahiz eta kosta, nahiz eta ezin izan, nahiz eta ohiturarik ez izan, euskarazkoa ere irakurtzen zidatela, batzuetan, gainera, osorik.
Egindako min txiki horien, ezarritako zailtasunen, ulertu gabeko ezinen barkazioa eskatzeko eguna da, eskaini dizkidaten pazientzia eta begirunea luzez eskertzeko parada. Azkenbigarrenez ere, euskaraz.


No hay comentarios:

Publicar un comentario