sábado, 1 de diciembre de 2018

ALDEALDIAN

EL DIARIO VASCO 30-11-2018


Aldia amaitu eta euskararen bizitza errealak jarraituko omen. Gauza askotarako parada eman digu. Ez dut txaparik jantzi, ez dut jantziko. Ez naiz kilikolo eta ezinean dabilenari bere egiak, esan nahi badizkit behintzat, entzuteari uko egingo diona euskara hutsean aritzeagatik. Dakizkidan guztiak, ia bat ere ez, jarriko ditut esaten eta ulertzen ahalegina egiteko. Nigatik, libre da jendea nahi duen hizkuntzan hitz egiteko. Pertsonekiko eta ideiekiko errespetuz eta begirunez egitea beste baldintzarik ez dut jartzen. Hala ere, eta zergatik ote?, nabilen eguneroko jendeak, ez derrigor militanteak, euskaraz zuzendu ohi dit, gehienbat, lehen hitza eta jarraiko esaldi erdia ere. Jende atsegina da, borondate txarrik gabea, keinua aintzat hartzen ez dioguna.
         Disparateen antologia baterako ere eman dute atxikipenek. Euskararen alde dago jendea, euskararen erabileraren alde. Baina zer pentsakera duen askok! Lotsa adina beldur ematen dutela esango nuke. Izan da kanpainan guztiak alde egotea molestatu duela dirudienik. Izan da bere nobeletan, gaztelerakoetan, zer arraiogatik sartuko dituen euskarazko esaldiak galdetu duenik, gauza jakina duelako berak nekazariek euren artean euskaraz hitz egiten dutela. Ez da falta euskara ikasteko “los libros en euskera eran aburridos, pero me los tragaba para aprender” esan duenik, orain berak idatzitakoak jainkoarren onak balira bezala.
         Hamaikaldi zorionekoak, asteartean izango du hamabigarrena. Zein edo zer galdera egin behar dizkiogu geure buruari egin dena probetxurako izan den ala ez jakiteko? Zein neurritan merezi izan duen baloratzeko, aurrez erantzuna emandako galderekin ez jarraitzeko, ondradutasunezko euskal hitzak elikatzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario